Edukinera joan | Menu nagusira joan | Ataletara joan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Logoa
Gipuzkoakultura logotipoa

Loading

2018-01-09 / 2018-02-11

IKUSTEKO MODUAK. JOHN BERGER GOGOAN

Publikoa:

 
©ÁNGEL ISPIZUA ©JESÚS MªZABALZA ©JOSÉ RONCO ©MONCHO TRULLOS ©ROBERTO BOTIJA ©GORKA SALMERÓN MURGIONDO
f8
 
Argazkilariak 
Roberto Botija
Ángel Ispizua
José Ronco
Gorka Salmerón Murgiondo
Moncho Trullos
Jesús Mª Zabalza
 
Idazlea 
Mikel Iriondo
 
Koordinatzailea 
Jesus Mari Sarasua

IKUSTEKO MODUAK

Argazki orok errealitatearen eta haren errepresentazioaren arteko nahitaezko distantzia ezartzea dakar. Xaloa da pentsatzea –argazkingintza-hastapenetan ohi bezala– unean uneko argazki batek mundua den bezalakoa islatzen duela. Gauzak berez zer diren gorabehera, gure zentzumenek, arrazoiak eta irudimenak baldintzatzen dute gure jakintza-ahalmena. Hortaz, munduarekiko eraikitzen dugun esperientziak etengabe elikatzen du ahalmen hori.
Gure mugek gizaki bihurtzen gaituzte, edo, bestela esanda, gizakiak gara mugatuak garelako. Ez dago jakintza perfekturik, hori absurdua da tautologikoa den heinean, eta, horrenbestez, oztopo eta errakuntzen artean egin behar dugu aurrera argi bila.
Argazkiak ez du ezer kopiatzen, ez du ezer agerian jartzen. Argazki batek hautatu egiten du, eta isolatu; iradoki egiten du bere anbiguotasunetik, eta ikusgarri den hori baliatzen du errealitatea berrasmatzeko. Horixe da haren alderdi sortzailea: aztarna bat erakusten du, errealitatearen arrasto bat, esanahi jakinik ez duena. Eta, hala, erronka egiten dio ikusleari, begien aurrean duena eta haren esperientzia aurrez aurre jartzea eskatzen baitio. Argazkiak instant bat erauzten dio jarraitutasunari, eta anbigotasun-desafio horixe gainditzen saiatzen gara, bi denbora mota aurrez aurre jarrita agertzen baitzaizkigu: argazkiarena eta hura behatzen dugunekoa.
Era berean, argazkigintza egiten duenak bere bidea aurkitu behar du, pentsatu behar du zeren bila dabilen; izan ere, begiek transmititzen dutena garunaren bidez ikusten dugu. Vladimir Nabokovek zioenez, ez dute baso bera ikusten botaniko batek eta ikasgai horretan batere aditua ez den batek. Bigarrenak zuhaitzak baino ez ditu ikusten; lehenak, aldiz, haiek denak bereizi eta izendatzen saiatzen da, ikasteko zenbat daukan onartuta. Begi-bistakoa dirudi.
Hemen ditugun argazkiak botaniko horren begirada bezalakoak dira; argazkigintzan urte luzeko esperientzia duten zenbait argazkilariren emaitza dira, bilaketa sortzaile eta estetiko baten ondorioa.
Sei argazkilariok urte asko eman dituzte kamerarekin lanean, eta besteren argazki ugari baliatu dituzte nor bere bidea ikusten hasi den arte. Lantegi hori gaur egun ia utzita dago, teknologiak ordezkatu baititu, kasu askotan, sorkuntza-ahalegina eta lana. Milioika argazki ateratzen dira egunero, gero eta argazki-kamera sofistikatuagoak erabiltzen dira, eta sare sozialak eta plataformak, baina horren guztiaren emaitza kontsumoari eta frenesiari lotutako banalizazioa baino ez da.
John Berger maisuaren hitzetan, argazki oro giza hautu bat da, argazkilariak egoera jakin batean egiten duen hautua, hark erabakitzen baitu dena delako hura argazki batean erregistratzea merezi duela.
Gogoeta hori hutsala eta begi-bistakoa ematen du. Alabaina, halako definizo sinple batek, itxuraz hausnarketa sofistikatuaren beharrik izan ez duenak, agerian jartzen du historian zehar fotografiatua izan den guztiaren parte handi baten muina: fotografiaren eta denboraren arteko harreman estua. Roland Barthes parafraseatuz, modu erradikalagoan esanda: soilik heriotzak eta fotografiak geldiarazi dezakete denbora.
Eta hala da. Helburuak aurretik markatuta, aurrerapena baino azpimarratzen ez duen eta fotografia denboraren monopolioa bermatzeko baino baliatzen ez duen Historiari buruzko ikuspegi lineal baten aurrean, bada fotografia egiteko beste modu bat, beste bide batetik dabilena: hots eta ardailaren ondorengo isiltasuna entzuten dakienarena, itxaroteak berezko duen pazientzia bizi duenarena, solasten dakienarena, erlojuari zeharka begiratu gabe.
Eta horixe da hogeita hamalau argazki hauek eskaintzen digutena: haiei erreparatuta, aukera izango dugu denboraren pendulua, saihestu ezin dena iragartzen digun tiki-taka hori, une batez bada ere geldiarazteko.
Argazkietan, jende anonimoa ikusiko dugu, bakarrik dabilena; litekeena da jende hori bakartia ez izatea, ez baitakigu zer pentsatzen duen. Nolanahi ere, irudi horiek zer garen islatzen dute: izaki hauskor eta babesgabeak.
Giza figura batzuk ikusiko ditugu, paseatzen, forma eta koloreen artean; haiek ere bakarrik doaz leku batetik bestera, fotografiak erregistratzen dituen instan horietan barna, besteak ez bezala galduko ez diren horietan hain zuzen. 
Beste jende bat ikusiko dugu, halaber, bidaian bezala, gida turistikoek nahietaez ikustekoak jotzen dituzten lekuak bisitatzeko seguruenez. Galduta dirudite jendetza multzo lauso zehaztu gabean, baina giza aurpegia nabarmendu egiten da: anonimotasuna gailentzen da gu ezkutatzen gaituen anabasaren gainetik.
Argazkilarien aurpegi zehatzak ere ikusiko ditugu, fotografiarekiko urte luzeko lotura eta grina islatu nahi duten instant horietan hartuak. Erretratatuak isiltasuna entzuten du, eta ahots bat entzuten duela uste du, esaten diona: horrela ikusten zaitut nik; horrela adierazten dizut mirespena; horrela nahi dut ikus zaitzaten besteek, jada elkar ikusiko ez dugun geroan.
Lekuak ere ikusiko ditugu, industria-gune izandako zenbait leku hain zuzen, bertan gertatutako aldaketek eraberrituta. Gizakiak esku hartutako tokiak, orain naturak hartuta. Aipagarriena da prozesu horrek berak zizelkatu duela, haurtzaroan hasita, argazkilariaren beraren gizatasuna, Pessoak metaforikoki arimaren paisaia deitzen zuen hori. 
Eta zeruak eta hodeiak ere ikusiko ditugu. Etengabe aldatzen diren elementu horiek denonak dira, ez dute gure artekorik bereizten. Ikusmena dugun gizaki guztion eskura daude, bereizkeriarik gabe. Nahikoa da begirada altxatzea ortziaren aldakortasun sotila deskubritzeko, bai eta, aldi berean, gizakiok bizi gaituen misterioa sentitzeko ere.
Argazki hauek guztiek zenbait uneren irudiak finkatzen dituzte, gure bizitza-esperientziari galdetzen diote eta, ikusleak garen aldetik, behartu egin gaituzte bi alderdi horiek erlazionatu ditzagun, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi bihur ditzagun. Gauzen, denboraren jarraitutasunari erauzitako zer bat da argazkia, eta erauzitako horren isiltasunak bidea ematen dio interpretazioari: bilaketa, hausnarketa eragiten duen horrek beste ezerk ezin du gure ulerbidea zabaldu ahal.
 
Mikel Iriondo
Donostia, 2017ko urria
 
 
Mikel Iriondo (Eibar, 1955). Estetika eta Arte Teoriako irakasle titularra da Euskal Herriko Unibertsitatean. Haren aztergai nagusia da zer harreman dagoen Filosofiaren, Literaturaren eta Zinematografiaren artean. Zenbait liburu argitaratu ditu, beste egile batzuekin batera; bestalde, aldizkari espezializatuetarako artikulu ugari idatzi ditu, besteak beste, Contemporary Aesthetics, Daimon, Ausart, Laocoonte, Archipiélago, Enrahonar, Bitarte, Fabrikart, Recerca, eta Revista de Occidente aldizkarietarako.
 
Nere ibilbidera gehitu erakusketa
 
Compartir

Itzuli

HARREMANAK

  • Jabetasuna: Photomuseum Argazki Euskal Museoa Fundazioa
  • Telefonoa: Tel. 943130906
    Fax. 943831823
  • E-maila: photomuseum@photomuseum.name
  • Webgunea: webgunea ikusi
  • Helbidea: San Ignacio, 11
    20800 - Zarautz - mapa ikusi

ORDUTEGIAK

Photomuseum (2010-01-02 / 2020-12-30)
  Goizez Arratsaldez
Ar 10:00-14:00 17:00-20:00
Az 10:00-14:00 17:00-20:00
Og 10:00-14:00 17:00-20:00
Or 10:00-14:00 17:00-20:00
La 10:00-14:00 17:00-20:00
Ig 10:00-14:00 17:00-20:00
Jaiegunak 10:00-14:00 17:00-20:00

SARREREN PREZIOA

Bakarkako salneurrien zerrenda:
Arrunta: 6€
Murriztua: 3€
Abonu txartela (12 Bisitaldi): 30€
Abonu txartelak, diru-aurrezte itzelaz gain, argazkilaritzan espezializaturiko estatuko liburutegi garrantzitsuena dohainik kontsultatzeko aukera ematen du.
Asteazkenetan eta ostiraletan sarrera dohakoa izango da (bisita gidatudun taldeak izan ezik).


Taldekako salneurrien zerrenda: (Aldez aurretiko zita).

EKIPAMENDUAK ETA ZERBITZUAK

  • Hizkuntza: frantsesa
  • Hizkuntza: ingelesa
  • Hizkuntza: euskara
  • Hizkuntza: gaztelania
  • Argitalpen propioak
  • Gida didaktikoak
  • Ikertzaileen gela
  • Hitzaldi-Aretoa
  • Liburutegia
  • Lorategia
  • Denda
  • Lehiatila / Kontsigna
  • Atseden lekuak
  • Aterpetxea
  • Barne ibilbide egokitua
  • Igogailua
  • Sarrera egokitua
Creative Commons lizentzia. Irakurtzeko hemen zapaldu
2018 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Logotipo Gipuzkoa.net. Sakatu Gipuzkoa.net web gunera joateko.