Edukinera joan | Menu nagusira joan | Ataletara joan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Logoa
Gipuzkoakultura logotipoa

Loading
  • Hasiera |
  • Berriak |
  • "Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia" erakusketa aurkeztu du San Telmo Museoak
Rss

Berriak

2018-12-04

"Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia" erakusketa aurkeztu du San Telmo Museoak

San Telmo Museoa

Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia

San Telmo Museoak Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia erakusketa aurkeztu du gaur, Oier Etxeberriaren proiektua. Erakusketa museoko Laborategian dago ikusgai, gaurtik, abenduak 4, 2019ko otsailaren 24ra arte, doako sarrerarekin.

José Antonio Laburu Olascoaga (Bilbo 1887 – Erroma 1972) edo Aita Laburu euskal zinemagintzako lehen  dokumentalistetako bat izan zen. Herri-medikuntzako erritu magikoei buruzko filmak egin zituen, animaliekin egiten ziren pertzepzio-esperimentuei buruzkoak, zoologikoei eta eroetxe edo psikiatrikoei buruzkoak; film horiek guztiak ondare oso garrantzitsua dira antropologia bisualerako eta, zalantzarik gabe, pentsamendu arrazionalaren eta zientifikoaren alderdi ilunetan arakatzeko interesa zuen publizista bat (teologoa, medikua eta antropologoa) agertzen dute.

Erakusketa-proiektu hau Laburuk egindako ikerketen aniztasunetik abiatzen da, eta haren produkzio intelektuala kokatzeko ibilbide bat egitea du xede, ikuslea protagonistaren buruan sartzera gonbidatuta.

Burua eta erakusketa aretoaren geografia bat datoz; laukizuzen erako planta marrazten duen 145 metro karratuko, eta sabairaino 13 oin altxatzen den gela bat, leiho handi batek barne patio batekin lotzen duena. Sudur hezurretik dauka sarrera, eta, bi begiak zeharkatuz, garunerantz egiten da; hortik jira egin daiteke kopeta aldearen ikuspegia izan arte, protagonistaren begi-globoen atzean kokatuta. Hau da, gure atzean eremu parietala utzita, bi begien atzealdeko ganberaren bista panoramikoa izango genuke, tinpanoak ezker-eskuin direla.

Erregistro dokumentalen (testuak, gutunak, grabazioak eta ondare zinematografiko aberats bat) erreprodukzioen arabera antolatzen da erakusketa; ondare hori guztia Azpeitiko Loiolako Santutegiko Artxibo Historikoan eta Musika Artxiboan, Lazkaoko Beneditarren Fundazioan eta Euskadiko Filmategian gordeta dago.

Jarduerak

Erakusketarekin lotuta Andreas Wutz artistak El animal coexistente hitzaldia eskainiko du abenduaren 13an, 19:00etan; eta Oier Etxeberriak berak eta  Olatz González Abrisketa antropologoak Sinesteko ikusi solasaldia eskainiko dute otsailaren 22an, 19:00etan.

 
Compartir
Creative Commons lizentzia. Irakurtzeko hemen zapaldu
2018 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Logotipo Gipuzkoa.net. Sakatu Gipuzkoa.net web gunera joateko.